miércoles, 20 de noviembre de 2013

Plazerak

Psikomotrizitatearen bidez haurrek plazer ezberdinak esperimentatu, bizi eta sentitzen dituzte:

1. Komunikatzeko plazera: komunikatzea ematea eta jasotzea da, sentimenduak eta desioak ulertzea, taldekoei adieraztea eta errespetatzea. Eta hori adierazten da bata besteari jarraituz, gauzak eraikiz eta botaz... eta adierazpena gehienetan ez da hitzezkoa izaten.


2. Sortzeko plazera: umeak kanpoko mundua aldatu nahi du, bizipen positiboa duen bitartean. Gauzak manipulatzean sormena lantzen du, eta horrek ongizate sentsoriala, tonikoa eta afektiboa eragiten dio.


3. Ekintza operatiboen plazera: urteetan, bere behar eta lehentasunak asetzeko asmoz, emozioen bitartez errealitatea eraldatu ohi du. Hor, deszentrazioa gertatzen da; objektuak bere balioa galtzen du, eta beste zentzu bat hartzen du.

Psikomotrizitatea definitzen

Garai batean gorputzaren eta arimaren bereizketa egiten bazen ere (soma eta psikea), psikomotrizitatea gizakia osotasunean hartzen du, izaki bakar bat balitz bezala, eta ez nabarmendutako bi azpiatalen batura gisa. Haurraren afektibitatearen, adimenaren eta mugimenduaren esparruak bateratuta hartzen ditu.

Beraz, gaur egun, honela definitu dezakegu psikomotrizitatea: mugimenduaren bidez, pertsonaren garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetu, erraztu eta suspertzen duen gaitasuna. Filosofia horren helburuen artean honako hauek nabarmendu daitezke:
  • Norbera ezagutzea eta onartzea.

  • Portabidea (jokabidea) egokitzea.


  • Norberaren autonomia garatuz, bizitza sozialean ardurak eskuratzeko gaitasunak hobetzea.


Haurrek barruan dutena tonizitatearen bidez kanporatzen dute, eta mugimenduarekin, ahotsarekin eta begiradarekin munduan egoteko era bat adierazten dute.

Esaldi bakarrean laburbilduz:

"Psikomotrizitatean haurrak pentsatzeko plazeretik, egiteko plazerera igarotzen dira" 

                                          


lunes, 11 de noviembre de 2013

Haurra eta jolasa


Ume bakoitzak munduan egoteko modu bat du, eta horren arabera sortzen dira harreman guztiak. Ikasle edo ume guztiak ez dira berdinak, eta horiek aurretik izan dituzten esperientziak ere ez dira berdinak. Ume bakoitzak dituen aukerak izango dira beren ikaskuntzen abiapuntua (Aucouturier eta Mendel, 2004)


Ume guztiek ez dituzte posibilitate berak ikaskuntzak barneratzeko eta horiek finkatzeko. Hori oinarri hartuta, eta ume bakoitzak denbora eta erritmo jakin bat behar duela kontuan izanda, lan egiterakoan aniztasun hori hartu behar da kontuan. Hau da, haurra duen erritmo, aukera eta abileziekin, hots, haurra bere osotasunean, errespetatu beharra dago. Modu honetan soilik lortu dezakegu haurrak dituen gaitasun eta aukera guztiei ahalik eta etekin handiena eta abersagarriena ateratzea. Horrela ez egitekotan, haurra urduritu, larritu eta etorkizunera begira, ondorio latzak ekar ditzake.

Bestalde, jolasak izugarrizko garrantzia du umearen garapen osoan, jolastean kontzentrazio maila oso handia behar baita, eta, hala, ume bat jolasean ari denean lanean ari denean bezainbesteko sakontasunaz aritzen da. Horretan oinarritzen da psikomotrizitatea, eta, horrenbestez, metodo horrek hainbat ikaskuntza-jarduera txertatu nahi ditu, umearen oinarrizko beharrak asetzeko.


viernes, 8 de noviembre de 2013

Garapen motorra

Lehenik, garapen motorrak haurrengan duen garrantzia eta eragina ezagutuko dugu.

Garapen fisikoa eta mugimenduaren moldaketak ezinbestekoak dira haurrarentzat; mugimenduaren bidez umea harremanetan jartzen da inguruan duenarekin, eta besteekin, eta gorputza komunikatzeko bidea bihurtzen da.

Beste aldetik ere, gorputza ezagutzeko bide bihurtzen da: "haren nortasunaren egituraketa berezia beraren ni fisikoaren kontzientatik abiatuz hasten da".

  
Autokontzeptu positibo bat ezartzea norberaren irudi fisiko onartzearekin lotuta dago. Umearen garapen fisikoa egokia eta orekatua bada, bere buruarekiko irudi positiboa izatea errazago izango da. Umearen garapen fisikoa gaitasun motorren bidez gertatzen da, eta gaitasun motorrak ohiturazko eta oinarrizko trebetasun eta abilesien bidez garatzen dira. Gaitasun motorrak pertsonak dituen ahalmen garatu gabeak dira, eta ez badira trebetasun eta abilezien bidez lantzen, gerta daiteke haien garapena egokia ez izatea.

Horregatik guztiagatik, ugaritasun motorra eskeini behar zaio umeari haurtzaroko etapa guztietan, baina batez ere haur hezkuntzan.

lunes, 4 de noviembre de 2013

SARRERA

Psikomotrizitatea umeen eguneroko bizitzan uneoro presente dagoen arloa da. Hala ere, askok ez diote behar besteko garrantzia ematen, psikomotrizitateak umean izan ditzakeen eraginak ezagutzen ez dituztelako. Era berean, psikomotrizitatearen bidez, umeen gabeziak ere ezagutu egin daitezke. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da behar duen garrantzia eskeintzea eta ematea arlo honi. Hauxe da hain zuzen ere blog honen bitartez igorri nahi dizuedana.

Besterik gabe, murgildu gaitezen psikomotrizitate munduan!