EGUNEROKOA

2013/10/14

Lehenengo egunetan ikasturtean zehar egingo duguna ikusi genuen (bloga, taldeko proiektua...) eta jarraian, ordenagailuarekin lan egiten hasi ginen, banakako talde fitxa burutzen.

Lauhilabeteko plangintzari dagokionez, oso interesgarria iruditu zitzaidan batez ere blogarena, izan ere, esperientzia berria zen niretzat.

2013/10/15

Hurrengo egunean teoria landu genuen, ordenagailua kanpotik eta barrutik ezagutu genuen hain zuzen ere. Landu genituen aspektuen artean hurrengokoak aurkitzen dira: zer da software eta hardware, zeintzuk dira ordenagailuak dituen sistema eragileak eta programak, zeintzuk dira fitxategi motak, zenbat memoria mota dauden eta zein funtzio du bakoitzak, zein formatotan gorde ditzakegun dokumentuak, lanak edo antzekoak...

Ordenagailuaren elementu gehienak entzunez ezagunak egiten zitzaizkidan arren, esan beharra dut hauen definizioa eta funtzioa ezezagunak zirela niretzat. Hala eta guztiz ere, ordenagailua behar moduan erabiltzeko funtsezko elementuak ezagutzea beharrezkoa da. Horrela errazagoa egingo baita berarekin ekintza edo jarduera ezberdinak burutzea.

Horrez gain, talde txikietan (hirunaka) teoriaren inguruko galdera batzuk erantzun genituen. Ariketa praktiko honen bidez, teoria hobeto ulertzen eta era berean, sailkatzen lagundu zigun.

2013/10/21

Egun honetan aurreko astean erantzuten hasi ginen galderak bukatu genituen eta denon artean komentatu genituen.

Ondoren, gmailarekin lan egiten hasi ginen, hau hobeto ezagutzeko eta berarekin trebatzen hasteko. Gmailaren bitartez, etiketak egiten, karpetak sortzen, artxibatzen, spam bezala gordetzen, drive erabiltzen (partekatutako karpetak, dokumentuak...) eta azkenik bloga sortzen ikasi genuen.

Beraz, azkenik, bloga zabaldu genuen, hurrengoko egunetan berarekin lanean jartzeko.

2013/10/28-29

Egun hauek modulu lana lantzen hasteko erabili genituen, hortaz ez genuen teoriarekin ezta praktikarekin ere aurrera egiteko aukerarik izan.

Dena den, azpimarratzekoa da komunikazio gaitasuna izanik modulu lan honetako gai zentrala, IKT-ak lantzeko eta sartzeko aukera eskeintzen digula. Gainera, kasu honetan modulua web gune baten bitartez burutuko dugu, hortaz, IKT-ekin harremana are gehiago lantzen jarraituko dugu.  

2013/11/4-5

Blogarekin lan egiten hasi naiz. Lehenik, eta kostatu zaidan arren, azkenean jorratzeko interesgarria iruditzen zaidan gaia aurkitu dut: psikomotrizitatea haur hezkuntzan, hain zuzen ere. Ondoren, blogari forma ematen hasi naiz. Hasteko, sarreratxo bat eman diot, psikomotrizitatearen arloan autore garrantzitsu batek aipatzen dituen hitz batzuk erreproduzituz. Gero, sarrera egin dut aukeratutako gaiaren zergaitia emanez eta blogari hasiera emanez. Hori egin ostean, blogari sarrerak gehitzen hasi naiz, aukeratutako gaiaren inguruan informazioa eskainiz.

Horretarako guztiarako, lehenengo eta behin, irakasleak teknika edo errekurtso erabilgarri batzuk erakutsi dizkigu gure blogan elementu ezberdinak sartu ahal izateko. Adibidez: erlojua sartzea, bideoak eskegitzea, argazkien lizentzia... Arlo honi dagokionez, esan beharra dut, nahiko trakets ikusi dudala neure burua, izan ere, pausuetan askotan galdu egiten nintzen. Horregatik, mundu berri bat deskubritzen ari naizen sentzazioa dut. 

Azkenik, egunerokoa egiten hasi naiz, orain arte irakasgai honetan egindakoa idatziz.

2013/11/11

Astelehen honetan, talde txikiak, 5-6 pertsonakoak, sortu genituen. Ondoren, sortutako taldeetan bildu eta lanean hasi ginen. Hasteko, talde fitxa burutu genuen, taldekide bakoitzaren datu pertsonalak, argazki eta taldean burutuko duen rola definituz. Gero, irakasleak proiektua aurkeztu eta hau burutzeko erabili behar genuen web site-a nola sortu azaldu zigun. Beraz, pausuak jarraitu eta gure proiekturako web site-a zabaldu genuen. Azkenik, proiektuaren lehenengo urratsak lantzen hasi ginen, egoeraren azterketaren galderei erantzuna ematen, hain zuzen ere.

2013/11/12

Lehenengo eta behin, etxean irakurri beharreko testua, "los jetas y los pasotas", talde txikietan (aurreko egunekoak) komentatu dugu, irakurritakoa aztertzeko, gogoratzeko edota horren inguruan hausnartzeko. Ondoren, talde handian komunean jarri ditugu ideiak eta honetaz mintzatu gara: zer dira jetak? eta pasotak? zer egin hauen aurrean? noizbait gertatu zaigu? zer egin dugu horren aurrean?...

Ondoren, proiektuarekin lanean jarraitu dugu. Hauxe izan da egun honetan burutu ditugunak: egoeraren azterketaren galderak amaitu, hipotesiak planteatu, kronograma antolatu (aste bakoitzean egingo duguna zehaztuz) eta eskema mentala burutu.

2013/11/18

Astelehen honetako saio osoa talde lanean aritu ginen proektuari ekiten. Aurreko asteko puntuak amaituta genituenez, hurrengokoekin aurrera jarraitu genuen. Beraz, gaitasun digitalaren inguruan genuen informazioa irakurri, aztertu eta sailkatu egin genuen. Ondoren, mindomo programarekin (eskemak egiteko) mapa kontzeptual bat osatu genuen non definizioa, ezaugarriak, dimentsioak, eskolako ondorioak eta hausnarketa agertzen ziren.

Esan beharra dago, kasu honetan dimentsioekin arazoak izan genituela, web gune ezberdinetan informazio ez baitzetorren guztiz bat. Hala ere, denon artean landu eta irtenbidea aurkitu genuen.

Horrez gain, proiektuko beste pausu bat ematen hasi ginen, laugarrena hain zuzen ere. Honetan arazo gehiago aurkitu genituen. Izan ere, ez genuen argi zein zen zehazki egitekoa. Hortaz, honetan denbora gehiago eman genuen. Era berean, hau bukatzeko denborarik ez genuen izan.

2013/11/19

Saio honetan irakasleak klase hasieratik egun honetako egitekoa argi utzi zigun: gaitasun digitalaren inguruko mapa kontzeptuala bukatu behar genuen eta ondoren, klasearen aurrean gai honen inguruan zer edo zer azaldu behar izango genukeen.

Hortaz, aurreko eguneko eskemari errepasoa eman genion eta ideia batzuk aldatu edo hobetu egin genituen. Gero, taldekide guztien azalpenak entzun ostean, eskema biribildu genuen. Azkenik, aurkezpenetan sortu ziren galderak eta azpimarratu ziren ideiak aintzat hartuta, gai honen inguruko hausnarketa lantzen hasi ginen.

2013/11/25

Gaur, talde proiektuarekin aurrera jarraitu dugu. Horretarako, hurrengo urratsari hasiera eman diogu, bosgarrenari, non URL helbide bat hartu eta web hori aztertu behar genuen, hala nola, deskripzioa, diseinua, edukia, elementu teknikoak eta fidagarritasuna. Beraz, taldekideen artean URL-ak adostu ditugu, hauek ez errepikatzeko. Ondoren, taldekide bakoitzak lanari ekin dio, materiala aztertzeko fitxa osotuz.

Aipatzekoa da nire kasuan, zailtasun batzuk aurkitu nituela, izan ere informazio guztia, fitxak eskatzen zuena, ez zen erraz topatzekoa edo ez zen hain argi ikusten.

2013/11/26

Gaurko, aurreko eguneko zeregina bukatuta eraman behar izan dugu, materiala aztertzeko fitxa hain zuzen ere. Izan ere, irakasleak gaurko beste ekintza bat prestatuta zuen: gure taldekideekin bildu eta bakoitzak aztertutako web orrialdea azaldu behar zien gainerakoei. Gero, guztietatik bat aukeratu behar genuen, interesgarriena, azaltzeko aspektu gehien dituena edo gustukoena, eta gelakide guztien aurrean aztertutakoa azaldu behar genuen.

Hau kontuan izanik, taldekideak bildu eta kide batena aukeratu genuen. Hau aukeratzearen arrazoiak hurrengoak izan ziren: guztietatik gai interesgarriena lantzen zuen web gunea zelako, ipuinak hain zuzen ere eta etiketak, linkak, aipamenak eta gelan landutako beste hainbat aspektu erabiltzen zituelako. Era berean, bera hautatu genuen gelaren aurrean azalpenak emateko, izan ere, bera izan zen orrialde horren ikerketa sutsua egin zuena.

Beraz, klase amaieran talde bakoitzak aztertutako URL helbide baten azalpena eman zuen denon aurrean. Aipatzekoa da, gehienetan elementuak errepikatu egiten zirela (etiketak, linkak...) baina edukien trataera edo antolakuntza nahiko ezberdina zela, batzuk informazio bilaketa erraztuz eta beste batzuk ez hainbeste.

2013/12/2-3

Modulu astea izan dugu, horregatik ez dugu klaserik izan. Aste honetan, modulu lanaren aurkezpena egin dugu talde gehienok. 

Esan beharra dago, klaserik izan ez dugun arren, aurkezpen gehienetan edo guztietan IKT-en erabilpena egin dela, ordenagailua erabili baitugu gehienok. Batzuk, bideo baten bidez aurkeztu dugu lana, movie maker-a erabilita, beste batzuk prezi-az baliatu dira eta talde gehienok blog edo web gune bat zabaldu dugu lana burutu eta azlatzeko.

Hortaz, modulu lan honetan presente izan dugu uneoro teknologia eta ordenagailuak barne hartzen dituen programa ezberdinak. Era berean, honek, gure trebakuntza hobetzeko aukera eskaini digu, praktiketan ikasitako guztia praktikan jarri baitugu.

2013/12/9-10

Aste honetan, bi saioetan, talde laneko proiektuaren azken atalari ekin diogu. Hau da, proiektu guztietan bezala, hipotesi ezberdinak aztertu eta informazio bilaketa, sailkapena eta hausnarketa egin ondoren, egoerari irtenbide edo proposamena ematea dagokio. Beraz, taldekide guztien artean zein proposamena lantzea adostu ostean, hurrengo pausuak jarraitu ditugu: lehenengo eta behin, proposamenaren sarrera eta justifikazioa burutu dugu; gero, gida didaktikoaren puntu ezberdinak zehaztu eta azaldu ditugu, eta azkenik, materiala bera diseinatu dugu.

Esan beharra dago, amaierako atal hau burutzeko bi egunak, bai astelehena bai asteartea behar izan genituela, gehienetan zalantzak eta gutxi batzuetan nekea oztopo bihurtzen baitziren.

2013/12/16

Gaur, azken aurreko saioa izan dugu. Beraz, irakaslea klase hasieran blogaren inguruan genituen zalantzak argitu eta bertan sartu beharrekoen (etiketak, linkak, erlojua...) errepasoa egin du. Hala ere, laster proiektuarekin lanean jarraitzen utzi gaitu. Izan ere, pasadan astean proiektuan burutu beharreko pausu guztiekin bukatu bagenuen ere, gaur hura borolbiltzeko eta hausnarketa egiteko momentua zen. Gainera, gure kasuan, nahiko dokumentu genituen oraindik web sitera igo barik. Beraz, dokumentuak eta lanak igotzen, dena ordenatzen, ondo sailkatzen eta web sitea apur bat apaintzen egon gara buru belarri. Azkenik, talde argazkia atera dugu, web sitean, sarreran, taldearen aurkezpenean jartzeko.

Aipatzekoa da dokumentuak igotzerako orduan zailtasun batzuk aurkitu ditugula, baina formatu ezberdinekin eta modu ezberdinetan saiatu ostean, den-dena igotzea lortu dugula.

2013/12/17

Ezinezkoa zirudien arren, klaseko azken eguna heldu da eta proiektua bukatuta dago! Hau poza!

Gaur, nahiko neketsua suertatu zaigun lana aurkezteko eguna izan da denontzat. Beraz, poztasuna eta nekea era berean, izan dira gaurko protagonistak. Aurkezpenak nahiko zehatzak eta argiak izan dira eta esan beharra dago proposamenean zentratuta zeudela gehien bat. Izan ere, proiektuan zehar eman ditugun pausuak edo emangarriak aurkezten joan gara eta nahiko antzekoak izan dira. Hala ere, aniztasuna, sormena eta funtsa proposamenaren lanketan zegoen eta horregatik tematu gara horretan.

Aurkezpen bakoitzaren amaieran irakasleak hausnartzera gonbidatu gaitu, denon parte hartzea sustatuz. Iritzi aniztasunak, nahiko eztabaidak sortu ditu baina ideia argi bat utzi du airean: norbera iritzi baten aldekoa da eta oso zaila da hura aldatzea.

Aipatzekoa da lauhilabete laburra baina bizia izan dela eta praktika honetan ikt-en inguruan asko ikasi dudala, batez ere ordenagailua eta bere programei dagokionez. Gaur, kurtso hasieran ez bezala, ordenagailuko zenbait programa edo erabilpenetan trebea naizela esan dezaket. Are gehiago, aurrerantzean maizago erabiliko ditudan herraminta erabilgarriak dira. Era berean, hasieran nahiko traketsa kontsideratzen nuen neure burua ikt-ekin eta pixkanaka-pixkanaka kontzeptu ezberdinak ulertzen eta gaitasunak barneratzen joan naizela ikusi dut.

Azkenik, azkeneko proiektu honek ikt-ak haur hezkuntzan erabili behar diren ala ez hausnartzera eraman dit, honako hau argi utziz: gizarteak aurrera egiten duen einean, eskola ezinbestez aurrera egitera bultzatzen du; horretara moldatuz. Beraz, teknologia berriak nahitaez gizartean murgildu diren bezala eskoletan egitea beharrezkoa da. Baina hori bai, ez dezagun laguntza oztopo bihurtu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario