jueves, 26 de diciembre de 2013

Mugimenduetatik haratago

Objetuen manipulazioen bitartez, umearen nortasuna ezagutu daiteke. Ondorioz, psikomotrizitatea ez da mugimendua bera aztertzera mugatzen; osotasunezko ikuspegi horretatik, bere borondatez, jakinaren gainean gauzatutako erantzun motor horretan, ezaugarri psikikoak ere hartzen dira kontuan.

Psikomotrizitatearen aspektu hau hobeto ulertzeko, "¡Huy! ¡Si Pablo habla!" artikulua erantsiko dizuet, non kasu erreal eta zehatz baten bidez azaldutakoa antzeman daiteke.

Hona hemen linka:

https://skydrive.live.com/view.aspx?cid=89B1759E50B1A643&resid=89B1759E50B1A643%21178&app=WordPdf&wdo=1

Artikulu honek erakusten digu, psikomotrizitatearen bidez, pixkanaka-pixkanaka haurren arazoei aurre egin daitekeela. Arazo larriak izanda ere, psikikoak hain zuzen ere, psikomotrizitatea, askok garrantzia kentzen dioten arlo hura, horiek sendatzeko edota bideak irekitzeko gai da. Hala ere, horretarako hezitzaileen laguntza, konfiantza, sostengua, pazientzia, elkarlana, gogoak, esfortzua eta lana behar dira. Umeek eurengan konfiantza jartzen duten pertsona behar dute ondoan, eurengan sinistu egiten dutenak eta elkarlanean arituz, arazoei aurre egiteko prest daudenak.

domingo, 8 de diciembre de 2013

Materiala eta oharrak!

Psikomotrizitatea besteekin komunikatzeko, aurkikuntza bereziak egiteko, manipulazioak egiteko eta errituei jarraitzeko aukera da. Haur Hezkuntzan lortu nahi diren ezagutza, trebetasun eta jarreretara iristeko, nahitaez gorputzaren jardueretatik igaro behar da; haurraren gorputza hezkuntza-prozesuaren ardatza dela esan dezakegu. Psikomotrizitatearen garapenak gorputza kontrolatzeko, psikikoki eboluzionatzeko, besteekin harremanak izateko, kanpoko mundua barneratzeko bide gisa duen garrantzia kontuan hartuz gero, psikomotrizitatearen praktika erabat justifikaturik geratzen da.



Hau guztia modu egokian emateko, hurrengoko aholkuei erreparatzea garrantzitsua da. Alde batetik, interesgarria lizateke arropa gutxirekin egotea, horrela umeak bere gorputza ikusten duelako, sentipenak hobeto bereganatzen dituelako eta mugimenduak erraztasun handiagoz burutu ditzakeelako. Bestetik, ondo legoke gelan ispilu handi bat egotea, haurrek euren gorputza ondo ikusi, eta mugimendu eta keinuetan arreta handiagoa jar dezaten.

                         

Era berean, psikomotrizitate gelan hurrengoko materialak aurkitzea komenigarria izango litzateke: 

  • Espazioa esperimentatzeko: era askotako formak eta egiturak.
  • Grabitate-sentipen berriak izateko: tamaina eta azalera askotako pilotak, paperak, oihalak, mantak, koltxonetak, aroak, goma-aparreko makilak, goma-aparreko bloke handiak, sokak, plastikozko tutuak, kartoizko tutuak, puxikak eta birziklatzeko materiala.

  • Egoera afektiboa bizitzeko: igotzeko, ezkutatzeko, babesteko eta labaintzeko materialak, mahaiak, suediar eserlekuak, hormako barrak, igotzeko sokak, kartoizko eta plastikozko kutxa handiak, kutxa sulatuak, gurpilak.


Psikomotrizitate gelaren antolakuntza



Psikomotrizitate gela, umeen aurrean jartzen da, bere espazioekin, bere materialarekin, umeek ikus dezaten espazio hori bere adierazkortasun motorra erakusteko ziurtasunezko gune sinboliko gisa. Jarduera motorrak (biratzea, ibiltzeak, ostikoz jotzeak, erortzeak, orekatzeak, saltatzeak, heltzeak, ukitzeak, oihukatzeak, barre egiteak, kulunkatzeak, makurtzeak, desegiteak,  eraikitzeak, izkutatzeak, adierazteak...) plazera ematen dio umeari. Aucouturier-en ustez, ezinbestekoa da alderdi motorra, afektiboa eta kognitiboa garatzea. Horretarako hiru txoko ezartzen ditu.
Plazer sentsomotorraren txokoa: hemen honako jarduerak burutzen dira: kulunkaketak, jauziak, biratzea itzulikatzea, labaintzea, jaurtitzea, eskailerak igotzea, korrika egitea, oihu egitea, danborra edo tronpeta jotzea, sokekin jolastea, mozorrotzea, makillatzea... Espazio horretan, mugimendua bat-bateko jarduera da, gorputzaren irudia eta identitatea sendotzekoMugimenduek umearen orokortasuna adierazten dute.
Jolas sinbolikoaren txokoa: umeak adierazpenak egiten dituenean besteen onarpena lortzeko aukera du. Dimentsio sinbolikoa garatzen du, hainbat paper betetzen baititu. Umeak berriro ere, bere plazerak eta bere gatazkak bizi ohi ditu, eta horiei erantzuten die, fikzioaren bidez errealitatea osatzen du eta, nolabait, oreka eta konpentsazioa bilatzen du. Txoko horretan menderatu ohi du bestela menderatu ohi ez duena.
Urruntasunaren txokoa: umeak keinuak, begiradak, ahotsa eta mimoa erabiltzen ditu. Urruntzea bilatzen du hor, sentsomotor eta sinbolikoaren espazioetatik alde egiten du, emozioetatik aldentzen da, eta beste espazio bat bilatzen du, eraikitzeko, marrazteko, moldeatzeko, margotzeko... bere fantasiak martxan jarraitzen du gorputza mugitzen ez denean ere.
Aipatzekoa da, psikomotrizitateko estrategia pedagokikoei erreparatuz, gatazka bat aurkitzen dugula autoreen artean. Izan ere, batzuen iritziz (Laguia, 2000; Tomás 2005), estrategiak maiz aldatu behar dira ume trebeenak jolasean agintari bihur ez daitezen. Hala ere, beste batzuen ustez (Aucouturier, 2004), afektuzko esparruari begiratzen badiogu, espazioak beti berdin agertu beharko luke edo antzera antolatuta, espazio zehatz horretan ziurtasuna izateko.
Bestela esanda, umeak batzuetan babesa aurkitzen du jolasak errepikatzen direnean, baina beste batzuetan, nahiago du gauzak deskubritzea eta sortzea.