sábado, 4 de enero de 2014

Amaitzeko...

Hona hemen orain arte esandakoa laburbildu egiten duen bideoa. Hau da, psikomotrizitatearen esanahiaz, garrantziaz, helburuez eta aspektuez diharduena:

https://www.youtube.com/watch?v=B__J55OJqWw#t=70

"Nik umean sinesten dut, umearen izate originalean; nik originaltasun hori errespetatzen eta eboluzioan lagundu egiten duen hezitzailean sinesten dut; nik haurra gailuaren erdian kokatzen duen hezkuntzan sinesten dut. Umean sinestea da, lehenik, afektibitatea, samurtasuna eta ekintzarako espazioa eskaintzea, segurtasunezko sentimendua bermatzeko eta horrela, bere funtzio edo eginkizun guztien garapena baieztatzeko."

Azkenik, zera esan beharra dago:"Mugimendua dagoenean, bizia dago". Beraz:

MUGITU ETA EZ GELDITU!

jueves, 26 de diciembre de 2013

Mugimenduetatik haratago

Objetuen manipulazioen bitartez, umearen nortasuna ezagutu daiteke. Ondorioz, psikomotrizitatea ez da mugimendua bera aztertzera mugatzen; osotasunezko ikuspegi horretatik, bere borondatez, jakinaren gainean gauzatutako erantzun motor horretan, ezaugarri psikikoak ere hartzen dira kontuan.

Psikomotrizitatearen aspektu hau hobeto ulertzeko, "¡Huy! ¡Si Pablo habla!" artikulua erantsiko dizuet, non kasu erreal eta zehatz baten bidez azaldutakoa antzeman daiteke.

Hona hemen linka:

https://skydrive.live.com/view.aspx?cid=89B1759E50B1A643&resid=89B1759E50B1A643%21178&app=WordPdf&wdo=1

Artikulu honek erakusten digu, psikomotrizitatearen bidez, pixkanaka-pixkanaka haurren arazoei aurre egin daitekeela. Arazo larriak izanda ere, psikikoak hain zuzen ere, psikomotrizitatea, askok garrantzia kentzen dioten arlo hura, horiek sendatzeko edota bideak irekitzeko gai da. Hala ere, horretarako hezitzaileen laguntza, konfiantza, sostengua, pazientzia, elkarlana, gogoak, esfortzua eta lana behar dira. Umeek eurengan konfiantza jartzen duten pertsona behar dute ondoan, eurengan sinistu egiten dutenak eta elkarlanean arituz, arazoei aurre egiteko prest daudenak.

domingo, 8 de diciembre de 2013

Materiala eta oharrak!

Psikomotrizitatea besteekin komunikatzeko, aurkikuntza bereziak egiteko, manipulazioak egiteko eta errituei jarraitzeko aukera da. Haur Hezkuntzan lortu nahi diren ezagutza, trebetasun eta jarreretara iristeko, nahitaez gorputzaren jardueretatik igaro behar da; haurraren gorputza hezkuntza-prozesuaren ardatza dela esan dezakegu. Psikomotrizitatearen garapenak gorputza kontrolatzeko, psikikoki eboluzionatzeko, besteekin harremanak izateko, kanpoko mundua barneratzeko bide gisa duen garrantzia kontuan hartuz gero, psikomotrizitatearen praktika erabat justifikaturik geratzen da.



Hau guztia modu egokian emateko, hurrengoko aholkuei erreparatzea garrantzitsua da. Alde batetik, interesgarria lizateke arropa gutxirekin egotea, horrela umeak bere gorputza ikusten duelako, sentipenak hobeto bereganatzen dituelako eta mugimenduak erraztasun handiagoz burutu ditzakeelako. Bestetik, ondo legoke gelan ispilu handi bat egotea, haurrek euren gorputza ondo ikusi, eta mugimendu eta keinuetan arreta handiagoa jar dezaten.

                         

Era berean, psikomotrizitate gelan hurrengoko materialak aurkitzea komenigarria izango litzateke: 

  • Espazioa esperimentatzeko: era askotako formak eta egiturak.
  • Grabitate-sentipen berriak izateko: tamaina eta azalera askotako pilotak, paperak, oihalak, mantak, koltxonetak, aroak, goma-aparreko makilak, goma-aparreko bloke handiak, sokak, plastikozko tutuak, kartoizko tutuak, puxikak eta birziklatzeko materiala.

  • Egoera afektiboa bizitzeko: igotzeko, ezkutatzeko, babesteko eta labaintzeko materialak, mahaiak, suediar eserlekuak, hormako barrak, igotzeko sokak, kartoizko eta plastikozko kutxa handiak, kutxa sulatuak, gurpilak.


Psikomotrizitate gelaren antolakuntza



Psikomotrizitate gela, umeen aurrean jartzen da, bere espazioekin, bere materialarekin, umeek ikus dezaten espazio hori bere adierazkortasun motorra erakusteko ziurtasunezko gune sinboliko gisa. Jarduera motorrak (biratzea, ibiltzeak, ostikoz jotzeak, erortzeak, orekatzeak, saltatzeak, heltzeak, ukitzeak, oihukatzeak, barre egiteak, kulunkatzeak, makurtzeak, desegiteak,  eraikitzeak, izkutatzeak, adierazteak...) plazera ematen dio umeari. Aucouturier-en ustez, ezinbestekoa da alderdi motorra, afektiboa eta kognitiboa garatzea. Horretarako hiru txoko ezartzen ditu.
Plazer sentsomotorraren txokoa: hemen honako jarduerak burutzen dira: kulunkaketak, jauziak, biratzea itzulikatzea, labaintzea, jaurtitzea, eskailerak igotzea, korrika egitea, oihu egitea, danborra edo tronpeta jotzea, sokekin jolastea, mozorrotzea, makillatzea... Espazio horretan, mugimendua bat-bateko jarduera da, gorputzaren irudia eta identitatea sendotzekoMugimenduek umearen orokortasuna adierazten dute.
Jolas sinbolikoaren txokoa: umeak adierazpenak egiten dituenean besteen onarpena lortzeko aukera du. Dimentsio sinbolikoa garatzen du, hainbat paper betetzen baititu. Umeak berriro ere, bere plazerak eta bere gatazkak bizi ohi ditu, eta horiei erantzuten die, fikzioaren bidez errealitatea osatzen du eta, nolabait, oreka eta konpentsazioa bilatzen du. Txoko horretan menderatu ohi du bestela menderatu ohi ez duena.
Urruntasunaren txokoa: umeak keinuak, begiradak, ahotsa eta mimoa erabiltzen ditu. Urruntzea bilatzen du hor, sentsomotor eta sinbolikoaren espazioetatik alde egiten du, emozioetatik aldentzen da, eta beste espazio bat bilatzen du, eraikitzeko, marrazteko, moldeatzeko, margotzeko... bere fantasiak martxan jarraitzen du gorputza mugitzen ez denean ere.
Aipatzekoa da, psikomotrizitateko estrategia pedagokikoei erreparatuz, gatazka bat aurkitzen dugula autoreen artean. Izan ere, batzuen iritziz (Laguia, 2000; Tomás 2005), estrategiak maiz aldatu behar dira ume trebeenak jolasean agintari bihur ez daitezen. Hala ere, beste batzuen ustez (Aucouturier, 2004), afektuzko esparruari begiratzen badiogu, espazioak beti berdin agertu beharko luke edo antzera antolatuta, espazio zehatz horretan ziurtasuna izateko.
Bestela esanda, umeak batzuetan babesa aurkitzen du jolasak errepikatzen direnean, baina beste batzuetan, nahiago du gauzak deskubritzea eta sortzea.

miércoles, 20 de noviembre de 2013

Irakasleentzako oharra!

Psikomotrizitateak ez du izan behar ondo pasatzeko momentu hutsa; umeekin lan egiteko beste modu bat da, baina irakasleak orientazio pedagogiko garbi bat izan behar du, bestela, planteamendua ez da egokia izango. Lan praktikoa aurrera eramaten denean material aurkezterakoan, zailtasun maila bat baino gehiago egon behar du, trebetasun gutxiago duten ikasleek antsietatea eta beldurra senti ez dezaten. Umeak, batzuetan, babesa aurkitzen du jolasak errepikatzen direnean, baina, beste batzuetan, nahiago du gauzak deskubritzea eta sortzea, edo gauzak eta ideiak trukatzea, eta, beste batzuetan, nahiago du hitz egitea emozioak kanporatzeko.

Psikomotrizitatearen sortzailea



Hona hemen, Bernard Aucouturier, hots, psikomotrizitatearen sortzailea, aurkeztu egiten gaituen bideoa. Bertan, bere bizitzaz hitz egiten zaigu eta psikomotrizitatea aurkitu zuen arte, bere ibilbide profesionalaren berri ematen digu. Horrez gain, psikomotrizitatearen helburuak helarazi eta era berean, honen garrantzia azpimarratzen duten hainbat aspektu izendatzen ditu.

Norbaitek aurkikuntza berri bat egiten duenean, bere izena argitara eta ezagutzera ematen den bezalaxe, garrantzitsua kontsideratzen dut psikomotrizitatearen sortzailea ezagutzea. Hura apur bat ezagututa, eta irakaskuntza munduan egin zuen ibilbidea ezagututa, berak hartutako oinarriak edota irizpideak eta sortutako metodoa hobeto ulertu daitezkeelako.

Mugimenduei esanahia ematea

Psikomotrizitatea, azken batean, gizakiak gorputzaren bidez mintzaira (hizkuntza) adierazteko aukera bat da, komunikatzeko baliabide bat. Hala erabakita, keinuen bidez, mezuak isla ditzakegu.


Bideo honetan mimo bat ikusi dezakegu; hitzik esan gabe, mugimendu, keinu eta aurpegiaren bidez, mezuak eta istorioak ere komunikatzen eta transmititzen dituena. Bideoa lotura zuzena du arestian esandakoarekin. Izan ere, psikomotrizitate orduak ez dira ondo pasatzeko momentu hutsak, umeak aztertzeko eta behatzeko aukerak eta aldiak dira.

Psikomotrizitate saioetan keinu, mugimendu, begirada, ekintza, intentzio, aurpegi baten bidez, haurrak dituen arazoak, gabeziak edota beldurrak antzeman daitezke. Are gehiago, ume askoren laguntza eta irtenbidea izan daiteke. Askotan haurrek adina edota barruan dutena espresatzeko zailtasunak direla medio, euren jokabideekin "hitz egiten" dute.